Mende laurden bat herriari kirol zerbitzu bat ematen
Liburuko lehenengo atal hau, antropologia kutsukoa da; Gipuzkoa sakoneko Urola bailara itxi
honetan, baloia eskuan hartu eta saskira
begiratzen ausartu ziren estreinako gizaki
haien ibilerak aurkeztu nahi dira. Eta,
hain zuzen ere, gaur egungo saskibaloiak
-eta bizitzak, oro har- duen erosotasunetik
begiratuta, kutsu surrealista nabarmena
darien hamaika pasarte biltzen dira aurreneko
atal honetan.
Aztarna guztiek diotenez, 1960. hamarkadaren
hasieran eman ziren Urola bailaran saskibaloian
federatuta jokatzeko lehenengo tentaldiak.
Sasoi hartan ere futbola zen bailarako kirol
federatu nagusia. Gaur horrek berdin jarraitzen
duela bistakoa da, baina bada desberdintasun
garrantzitsu bat egun kirolak gurean bizi
duen egoerarekin alderatuta; alegia, orduan
futbolean federatuta jokatzeko aukeratuak
izaten ez ziren mutilek oso aukera txikia
zutela federatutako beste kirol batean aritzeko.
Mutilen egoera horrelakoa bazen, nesken
egoera askoz larriagoa zela zer esanik ez,
eskoletatik kanpo ez baitzen pentsatu ere
egiten neskek kirola egiteko mutilen eskubide
berbera dutela.
Iraurgi sortu zenetik, Urola bailarari egin dizkion
ekarpenetan bi azpimarratu behar dira.
Lehena, Urola bailarako eskolarteko kirola
bultzatzen izan duen ardura; hau da, 1980.
hamarkadatik haurrak kirol mundura sartzearen
alde egin den lana. Eta bigarrena, hein
handi batean eskolarteko kirola sustatzeak
ekarri zuena, eta zuzenki Iraurgiren helburuen
artean ez zegoena: hain zuzen, Iraurgik
bailarako emakumeak kirol mundura sartzen
izan duen garrantzia. Sasoi batean futbola
zen mutilentzako kirola, eta neskek egin
zezaketen guztia mutilek futbolean nola
jokatzen zuten ikusten egotea zen. Bailaran
saskibaloia jokatzen hasi zenean, neska
batzuk urratsa aurrera egitera eta galtza
motzak janztera ausartu ziren. Gerora,
eskolarteko txapelketak antolatzen hasi
zirenetik, neskek saskibaloiaren aldeko
apustua egin zuten. Zergatik? Gipuzkoa
sakonean neskek egina zuten kirol bakarra
saskibaloia zelako. Eskolarteko txapelketak
gorpuzten hastear ziren.
Egiari fidel izateko, aitortu beharra
dago, eskolarteko txapelketetan saskibaloian
neskek bakarrik izena ematen zutenean,
Iraurgiko zenbaitzuei ez ziela grazia
handirik egiten. Gerora, pixkanaka-pixkanaka,
saskibaloia indartzen joan zen neurrian,
mutilak ere hasi ziren sentikorragoak
egiten saskibaloiarekiko.
Gaur egun ez da entzuten saskibaloia nesken
kirola denik, edo garai batean esaten
zen bezala, neska-mutilena. Kirolaren
ikuspegi banatzaile hura zegoenetik, gauzak
asko al-datu dira zorionez, eta neskak,
mutilak bezalaxe, atletismoan, txirrindularitzan,
igerian, futbolean... aritzen dira; hori
bai, zoritxarrez beti bigarren maila batean.
Iraurgiko talde seniorra 1982-83 denboraldian Hirugarren Mailara igo zen, eta aro berri bati hasiera eman zion: aurrerantzean talde seniorreko jokalariak entrenamendura kaleko arropekin joan ahalko ziren, poltsan entrenatzeko arropak, toalla, xaboia eta txankletak zituztela, entrenatu ondoren etxetik kanpo dutxatzeko.
Hirugarren Mailan jokatzeko beharrezkoa zen estalitako jolastoki bat izatea. Oraindik ez zegoen kiroldegirik ez Azpeitian, ez Azkoitian. Egia esan, sasoi hartan oso herri gutxi ziren kiroldegia zutenak; hirian beste kontu bat zen. Baina euskaldunok saskibaloia moldatua genuen hemengo kirol ohituretara, hainbat herritan frontoietan jokatzen zelako; beharrak eskatuta, ez inolako helburu antropologikoengatik. Iraurgikoentzat estalitako jolas-eremu bat izateko aukera argiena Izarraitz frontoian jokatzea zen; aurretik eginak ziren han jokatzeko eskariak, baina jabego pribatukoa izanik, beti ezezkoa jaso izan zen.
Bistakoa zen Iraurgiren proiektua sendoa zena, eta, gainera, gero eta jende gehiago mugitzen zuen. Miguel Angel Zendoia Azpeitiko Udaleko kirol zinegotziak ireki zizkion Iraurgiri Izarraitzeko ateak, eta erabakigarria izan zen hark Iraurgirengan agertu zuen konfiantza. Azkenik, lortu zen talde seniorrak frontoian entrenatu eta jokatzeko baimena. Egia esan, urte batzuk geroago Azpeitiko Kiroldegian jokatzeak baino ilusio handiagoa sortu zuen horrek. Atzean geratu ziren, ikuslerik gabe, esku izoztuak berotzeko ahal zen lekuan sartzen zireneko garaiak... Hala ere, talde seniorrak ez beste ekipo guztiek sabairik gabe jarraitzen zuten, eta hori oztopo nabarmena zen hasiera-hasieratik maila tekniko egokia lortzeko.
Iraurgik 1990. hamarkadan aro berri bati hasiera eman zion: kiroldegien aroari; Azkoitiak eta Azpeitiak kiroldegia ireki berri zutelako. Esan daiteke Iraurgik bere sorreratik planteatu zituen helburuak mamituak zituela: hastapenetan, saskibaloian non jokatua ez zuen lagun taldea hark, gerora eskolarteko saskibaloia lantzeko erabakia hartu zuenak, urteetako lan jarraituaren ondorioz erakundeetatik zegokion erantzuna irabazia zuen. Kirol proiektua inoiz baino indartsuago zegoen; zortzi talde federatu izatera iritsi zen eta seniorrek Bigarren Mailan lau urte egin zituzten. Baina Iraurgiko sendikoak, bakanka, urruntzen hasiak ziren, bizitzako gora-beherak medio. Ondorioz, klubeko antolakuntza desegituratze aro batean amildu zen. Zuzendaritzako pisu handiena, dena ez esateagatik, Joseba Olazabal Txorrotxa-ren eskuetan utzi zen, eta Xubik kirol arloaren zama hartu zuen.
Behin 1997az geroztik, jokalariak zuzendaritzarik gabe aurrera egin beharrean aurkitu ziren; kluba, hastapeneko egoera berean zegoen. Iraurgik historiako unerik larrienak bizi ondoren, urte batzuk klubetik urrundutako zenbait itzuli egin ziren, beren bizitzan hain garrantzitsua izan den kirola euren haurrek gozatzeko parada izateko.
Batzuk jendaurrean gehiago azaltzen dira, eta badirudi haiek egiten dutela lanik gehien. Batzuetan hala izaten da. Beste batzuk ez dira horrenbeste azaltzen, baina haietako batzuk ezinbestekoak izaten dira. Iraurgin ere gertatu da hori, herrira begira lana egiten duen elkartea izanik. Bakoitzak daki norberak zer egin duen. Iraurgik dakiena da jende askok egin duela lan klubaren alde.
Eta horregatik bete ditu klub honek 25 urte. Aurreko lau ataletan Iraurgiren historia kontatu da, argazki eta guzti. Baina argazki horietan (horrenbeste) azaltzen ez den jendea ere ibili da lanean, gehiago edo gutxiago, hobeto edo okerrago, baina, azken batean, lanean. Eta herrigintzan ari den erakunde batentzat horrek balio du: talde lana, lan taldean egiteak. Bosgarren atal honetan hain agerikoak ez direnak ageri dira, baita une esanguratsu eta berezi batzuk ere.