Ontzia urperatzear zela zirudien:
Xubik 2000. urtean bilera bat antolatu zuen, Iraurgiri
pertsiana botatzera zihoazela esateko jendeari. Hamar
urte atzerago taldea utzi zuten haiek jada guraso
ziren, eta sendiko bete-beharrak zituzten. Baina Iraurgi
ez zen desagertu.
Izan ere, Iraurgiren
sortzaileetako haiek euren seme-alabei beraiei saskibaloiak
eman ziena opa nahi zieten. Eta kluba desegiteko arriskutan
zela ikusita, atzera berregituratzeari ekin beharrean
zirela jabetu ziren.
Horrela Jose Miguel
Etxaniz buru-belarri sartu zen klubeko gidaritzan:
talde seniorren zuzentze lanak bere egiteaz gain,
zuzendaritzako lemari ere heldu zion. Xubik beti bezala
entrenatzaile lanetan jarraitu zuen, eta Josu Arregik
ere bai. Iñaki Uria eta Xanti Pattana ere zuzendaritzako
bileretara agertzen hasi ziren. Miguel Altolagirrek
beti bezala zirauen: eskolarteko txapelketaren antolaketa
zuzen ematen.
2000ko udan Josu Arozenak, Garikoitz Iparragirrek,
Unaik eta Jon Juaristik Donostian monitore titulua
atera zuten. Josu Arozenak eta Garikoitzek talde jubenila
zeramaten, Jon Arozenak eta Igorrek kadeteak. Neskak
Josu Txapaoren esku zeuden. Beste aro emankorrago
baten hasiera zirudien, lana eginez gero.
Gurpilak beste bira bat eman zuela esan daiteke, eta
berriz ere oinarri sendoarekin, atzera begiratu eta
lortu den eskarmentuarekin, kluba behar bezala egituratzeko
gai izango zela uste zuen Iraurgik. Berriro hasi zen
zuzendaritza jarraitzaileak kiroldegira gerturatzeko
moduak aztertzen, eskolarteko txapelketan gonbidapenak
banatzen ziren, partiden atsedenaldian hiruko jaurtiketen
txapelketa antolatzen hasi zen, babesleen kontua zaindu
egin zen, bilerak eguneko ordena emanez egiten ziren...
Egoerari buelta eman zitzaion, berandu baino lehen.