Iraurgi S.B.

castellano | euskera
FacebookTwitterTuenti

25. urteurrena | Jon Olaizola

4.6 HANKAK LURREAN

Xanti Pattana 1994-95ean seniorren entrenatzaile zela berriro, Bigarren Mailara igo zuen taldea. Urte hartan Odrik jokatzeari utziko ziola erabakia zuen. Azken partiduan taldekideek Odri quédate zioen elastikoak atera zituzten. Udalak taldeari harrera egin zion eta aparteko giroa izan zen: Jon Arozenak aurreskua dantzatu zuen udalbatzar aretoan eta hanka altxatzean kasik lanpara jo zuen, Ander Agirrezabalaga bikain moldatu zen txapekin... Inularrean jokalariak nahiko itsusi ibili ziren, oraindik ere ezinhobeto oroitzen diren hamaika pasarte aipaezinez.

1995-96an, Bigarren Mailan aritzeko ez zegoen titulu nazionaldun entrenatzailerik taldearen gidaritza hartzeko prest. Gazteak gogotsu zetozen. Garikoitz Iparragirre Je-suitinakoekin jokatzetik, eta berehala pasatu zen Gipuzkoako selekzioan jokatzera. Josu Arozenak ere etorkizun paregabea zuela bistakoa zen. Goiko taldeetan, Jon Arozena eta Eneko Garmendia...

Azkenik Joseba Otaegik hartu zuen seniorren saioak zuzentzeko ardura, nahiz eta bera jokalaria izan, eta partidetara Xubi eta Josu Arregi agertzen ziren entrenatzaile bezala. Egoera ez zen taldearen mailak eskatzen zuen neurrikoa, baina zegoenarekin moldatu behar.

1996-97 denboraldian Odrik hartu zuen taldea zuzentzeko kargua, Hirugarren Mailan jokatzeko. Gogoz bete zuen lana, baina urtebete egitean, Pattanari bezala lanak jartzen zizkion zailtasunak zirela eta, berriro taldearen gidaritza Joseba Otaegiren esku geratu zen.

Urte haietan jada argi eta garbi zegoen Iraurgiren neurria bere onera ekarri beharra zegoela. Zuzendaritza, urte horiek arte, Joseba Olazabalen esku egon zen nagusiki. Eskolarteko txapelketaren zuzendaritza, berriz, Miguel Altolagirreren esku zegoen. Xanti Pattana eta Joseba Otaegi ere zuzendaritzan zeuden, eta pixkanaka jokalari gazteak ere parte hartu beharrean izan ziren: Kepa Ibarzabal, Jon Arozena, Eneko...

1997-98 denboraldian Joseba Otaegi berriro entrenatzaile eta jokalari bezala egon zen taldean, Odri urtebetez egon ostean. Otaegik urtebete geroago jokatzea utzi eta soilik taldea entrenatzeari ekin zion, eta hiru denboraldiz aritu zen horretan; fitxak bete, isunen errekurtsoak egin... dena Joseba Otaegiren esku egon zen sasoi hartan.

LEHEN TALDEA DESEGIN

Zuzendaritza mailan, berriz, egoera ez zen hobea, Joseba Olazabal Txorrotxa-k utzi egiten zuela esan zuelako (dena dela, inoiz ez du utzi). Miguel Altolagirrek berean segitzen zuen: eskolarteko txapelketa antolatzen. Jokalariak bakarrik zeuden. Hala eta guztiz ere, kasik urtero lortzen zuten Bigarren Mailara igotzeko sailkapena, eta urtero uko egiten zioten gora pasatzeari, ez zelako ikusten egitura egokirik. Bere garaian, taldea indartsu zenean egiten zen gora, baina une horietan zegoenean mantentzea ez zen gutxi Iraurgirentzat. Izan ere, urte horietan gizonezkoen talde seniorra desegitea ere planteatu zen, baina mantentzea erabaki zen azkenik, gazteei goian jokatzeko ilusio zor zitzaiela eta.

Kluba

KIROL AUKERA
Txikerra Teilatuak
GRUPO ZAHER