Jokalariak beraiek edo jokalari
izateari utzi berriak zirenak hasi ziren Iraurgiko
taldeak entrenatzen. Hala, Jose Luis Legarda-ereño,
Aitor Goenaga Ormaetxe, Angel Sarasua, Iñigo
Odriozola, Xanti Pattana, Ibon Oiarzabal, Jon Olaizola,
Maixol Rezola edota Mailu Gurrutxaga ibili ziren entrenatzaile
lanetan. Gehienak ere Xubik urte askotan gazteekin
eginiko lanaren emaitzez baliatu ziren.
Gazteen artean teknika
indibiduala egoki landutako jendea zetorren, eta denen
artean Eñaut Aranbarri zen bereziki nabarmentzen
zena. Lehen Donostiatik etortzen ziren jokalarien
jitea zuen Eñautek: oso teknika landua, aparta,
Iraurgin ohitutako talde-lan jokorako berekoiegia
iruditzen baldin bazen ere. Beste jite bateko jokalaria
zen Eñaut, desberdina. Xubik luzaroan entrenatua
zuen bakarkako lanean. Berehala bota zioten begia
Donostia eta Gasteiz aldeko klubek Eñauti,
baina honek Ameriketako Estatu Batuetara egin zuen
jauzia, eta azkeneko denboraldi hau ere hantxe egin
du unibertsitate mailan jokatzen.
Entrenatzaile hasiberri dezente egon arren, Iraurgik
seniorren entrenatzailea aurkitzeko zailtasunak zituen.
Izan ere, ez zen erraza babes handirik ez zuen talde
haren kargua hartzea. Entrenatzaile lanerako jartzen
zenak beti zuen beste zeregin bat. Arazo handia zegoen
taldea Bigarren Mailara igotzen zenean, Iraurgin titulu
nazionala Xubik eta Josu Arregik baino ez dutelako.
1994-95 denboraldian Iraurgiko jokalari denak kiroldegiko
abonua atera beharrean izan ziren. Lau urte ziren
atera beharrik izan ez zutela. Aipatutako denboraldian,
Udalak eskaera hori luzatu zion klubari, eta jokalarien
artean hainbat tira-bira piztu baziren ere, azkenik
jokalari guztiak bazkide egin ziren. Beraz, hasierako
urte haietan bezala, saskibaloian jokatu nahi zuenak
ordaindu beharra zuen; herrian ez zegoen bereizketarik
Iraurgin federatuta egoteagatik.
IKUSLE GUTXIAGO
Hala ere, Iraurgik jasan zuen porrotik nagusiena,
hainbat urtetan hain sutsu jarraitu zuten ikusleen
babesa galtzea izan zen. Eta horra galdera: zergatik
galdu zuen babes hori? Ziurrenez, saskibaloia, bailarako
hainbatentzat moda bat izan zelako, eta puri-purian
zegoela-eta ikustera gerturatzen ziren, eta gero,
dagoeneko lehen taldearen emaitzak ez zirenean hain
onak, giroa baretu zenean, kiroldegia urrun geratzen
zelako edo, ez zegoen kalean txikiteatu bitartean
pasadizoan...
Ez zen asmatu, neurri batean, aurrera begirako proiektua
behar bezala finkatzen, luzerako eraginkorra izango
zen egitura bat uztartuz. Entrenatzaile sare egonkor
bat osatzen ez zen jakin, eta jende gutxi batzuen
eskuetan ardura gehiegi pilatu ziren urte luzeetan
. Eta arduradun horiek erre zirenean, kluba bera kinka
larrian aurkitu zen.
Dena den, normala da bolada hobeak eta txarragoak
izatea, are gehiago jendeak saskibaloiaren alde lanean
inolako diru ordainik gabe jardun duenean. Jendeak
egin duen lana borondate onenarekin egin du, ahal
izan duen neurrian betiere, eta, hain zuzen, neurri
egokia aurkitzean egongo da Gipuzkoa sakoneko saskibaloi
klub amateur baten etorkizuna; adibidez, Iraurgirena.