Egitura sendoko kluba ezagutu
zuten 1990. hamarkadan Iraurgin sartutako gazteek.
1980. hamarkadako lagun talde hartako kideek Iraurgi
talde lehiakorrean bihurtu nahi bazuten eta ahal zen
gorenera iritsi, 1990eko gazteek ere saskibaloian
jokatzea gogokoa zuten, baina beren aisialdiko beste
jarduera bat bezala hartzen zuten. Entrenatzea ederra
izaten da, eta astean behin partida ere bai, baina
astea joan eta astea etorri talde bateko partaide
izateak sufrikario dosi nabarmena eskatzen du; eta
horretarako denboraldi askorako prest dagoen jendea
topatzea ez da erraza; ez behintzat saskibaloia maila
altu batean jokatu ahal izateko moduan.
Urte batzuk atzerago
taldean muina zen lagun taldea deseginda zegoen. Orduko
hartan esan zitekeen klub guztia sendi bat zela. Orain,
ordea, ez zegoen lehengo batasun trinko hura. Giroa
ez zen bera, eta, Iraurgiko kideen artean inoiz giro
txarrik egon ez baldin bada ere, egoera nabarmen aldatu
zen.
Zuzendaritzak bilerak Loiolako Elkartean egiten jarraitzen
zuen. Bertan Jose Mari eta Andoni Arregi Iturbide,
Jose Miguel Etxaniz, Xubi, Maixol, Mikel Azkune, Patxi
Azpiazu, Joseba Olazabal Txorrotxa eta Jose Luis Legarda-ereño
biltzen ziren, besteak beste.
IKUSLE GUTXIAGO
Hala ere, Iraurgik jasan zuen porrotik nagusiena,
hainbat urtetan hain sutsu jarraitu zuten ikusleen
babesa galtzea izan zen. Eta horra galdera: zergatik
galdu zuen babes hori? Ziurrenez, saskibaloia, bailarako
hainbatentzat moda bat izan zelako, eta puri-purian
zegoela-eta ikustera gerturatzen ziren, eta gero,
dagoeneko lehen taldearen emaitzak ez zirenean hain
onak, giroa baretu zenean, kiroldegia urrun geratzen
zelako edo, ez zegoen kalean txikiteatu bitartean
pasadizoan...
Ez zen asmatu, neurri batean, aurrera begirako proiektua
behar bezala finkatzen, luzerako eraginkorra izango
zen egitura bat uztartuz. Entrenatzaile sare egonkor
bat osatzen ez zen jakin, eta jende gutxi batzuen
eskuetan ardura gehiegi pilatu ziren urte luzeetan
. Eta arduradun horiek erre zirenean, kluba bera kinka
larrian aurkitu zen.
Dena den, normala da bolada hobeak eta txarragoak
izatea, are gehiago jendeak saskibaloiaren alde lanean
inolako diru ordainik gabe jardun duenean. Jendeak
egin duen lana borondate onenarekin egin du, ahal
izan duen neurrian betiere, eta, hain zuzen, neurri
egokia aurkitzean egongo da Gipuzkoa sakoneko saskibaloi
klub amateur baten etorkizuna; adibidez, Iraurgirena.
<