Hurrengo denboraldirako diru-sarien
kontuaz ahantziak ziren, eta kanpoko jokalarien zerbitzuak
alde batera utziak. Luis Oyonok ere urte horretan
utzi zuen taldea. Izarraitz Inmobiliaria zen babesle
berria. Talde gazte-gaztearekin ekin zion txapelketari.
Xubik dioenez, tontoak baino gehiago entrenatu omen
ziren denboraldi hartan, eta berriz ere Bigarren Maila
mantendu ahal izan zuten, azken zazpi partidu errenkan
irabazi ondoren. Hura izan zen Pello Aizpururen azkeneko
denboraldia. Pello Arizmendi, Sub’23koekin jokatzen
hasi ondoren, berriro pasatu zen talde seniorrera.
Orduan, kiroldegiko jarraitzaileen erantzuna berotu
nahian, Gau Pasa txarangako kideak joan ziren partidetara.
Garai horretan gogoratu zen
Xubi Tauko entrenatzaileak esandakoarekin. Izan ere,
Xubik dena eman zuen saskibaloiarentzako urte haietan,
askotan gehiegi. Talde politak osatu zituen, baina
urtea joan eta urtea etorri oso nekeza gertatzen zen
bloke bat bere horretan mantentzea, jokalariengan
hainbat urtetan saskibaloian jokatzeko ilusioa mantentzea.
Maila tekniko oneko jendea zegoen lehen taldean, hasieratik
Xubin esanetara hasi zirenak saskibaloian eta kirol
hau ulertzeko bere era ongi barneratua zutenak. Baina
denboraldi amaierarekin bat, oso zaila izaten zen
jokalari haiek taldera lotuta luzaroan mantentzea
Xubik eskatzen zuen lan intentsitatearekin.
Hiru urtez jarraian Bigarren Mailan jokatu zuen talde
seniorrak, eta 1992-93an maila galdu zuen; Baleta
entrenatzaile gasteiztarrak hasi zuen denboraldia,
baina Xubik hartu zuen taldearen gidaritza Gabonetarako,
baina ezin izan zuten maila mantendu.