Iraurgi S.B.

castellano | euskera

25. urteurrena | Jon Olaizola

4.2 EHUN FITXA ZITUEN KLUBA

Iraurgi S.B.z edozeini galdetuz gero, denek frontoian bizi izan ziren urte paregabeez hitz egin ohi dute. Sasoi hark izan zuen balioa kendu gabe, 1991-93 epea izan zen Iraurgiren historian urterik oparoena: zortzi talde izan zituen; bost mutilenak eta hiru neskenak; ehun fitxa guztira.

1990-91 denboraldian, kadeteak Gipuzkoako txapeldun geratu ziren, eta Euskal Herri mailan, Taukoei eta Caja Bilbaokoei irabazi ondoren, Iruñekoen kontra galdu zuten azken partidua. Xubi eta Aitor Goenaga Ormaetxe aritu ziren entrenatzaile. Aitorrek partidak ileko kiribil guztiak leunduta amaitu ohi zituen, berak beti esan duen legez, beldurtzeko buruko minarekin. Eliteko taldeen kadeteak menpean hartzeko gai izan zen talde hura, eta bistan zen hango partaideek etorkizun ona zutela; lana gogotik eginez edozein helburu erdiets zitekeela zirudien.

MUTILEN SUB'23

Sub’23 mailan mutilen eta nesken talde bana atera ziren: mutilen taldean antzina saskibaloian ibilitako Pello Arizmendi, Pablo, Patxi Arruti eta beste hainbatekin batera, Jon Arozenak jokatu zuen, kanpeonato lokalak eman zuen azken izar disdiratsua (2000-2001 denboraldian, Iraurgin, hiruko bat sartu zuen, bere garai onenetako Odri gogora ekarriz). Entrenatzailea Xanti Pattana izan zen. Xanti Iraurgiren lehenengo urteetatik klubeko egitura guztietan parte hartua da: jokalari hasieran, nesken entrenatzaile gero eta klubeko zuzendaritzako kide urte luzeetan izan da, orain dela oso gutxi arte egon delako bertan.

Esan beharra dago argi eta garbi ikus zitekeela saskibaloiak izan zuen gorakadak goia joa zuela: kanpeonato lokalean izena ematen zuten taldeak gero eta gutxiago ziren, kiroldegira gerturatzen ziren ikusleen kopurua balekoa izanik ez zen igo, eta taldearen inguruan zebilen jendearen lanerako interesa epeltzen hasia zen.

Kluba