Urtebete egin zuen seniorren
taldeak Bigarren Mailan. Ramon Aranburuk bete zituen
entrenatzaile lanak. Ramonek ere asko eskaini zion
taldeari. Urte luzeetan, Las Banderaseko neskekin
gorengo mailako entrenatzailea izana zen, eta Bigarren
Mailan entrenatzeko entrenatzaile titulua zuen. Ramonen
ekarpena ez zen, ordea, bere prestakuntza eta eskarmentuarena
soilik izan; Las Banderaseko babeslea lortu zuen taldearentzat,
eta, bestetik, Converseren ekipamendu oso-osoa lotu
zuen, oinetakoak barne; jokalariak txoratuta zeuden,
haurrak zapata berriekin bezala, Converse zuri-gorriak
probatzen.
Maila berriak zuen eskakizunari erantzuteko Goierritik
Mikel fitxatu zen, eta Iraurgiko ezagun Josu Egiguren
Metro bi ere bai. Baina Jose Miguel Etxanizek taldea
utzi egin zuen, bizkarrean zituen arazoak zirela eta;
taldearen jokalari giltzarria izan zenaren adioa ekipoak
gogotik nabarmendu zuen.
Bigarren Mailako taldea egiteko,
bi jokalarik kanpora geratu behar zuten. Entrenamenduak
denek egin zituzten, baina azken orduan Natxo Etxaniz
eta Pablo geratu ziren kanpoan; biak urte askotan
Iraurgin jokatutakoak ziren, etxe-etxekoak, eta erabaki
hark izan zuen ondorio desatseginik.
Denboraldi berean maila
galdu zuen taldeak eta ikusleen erantzuna hozten hasi
zen. Klubeko jende bat ere uzten joan zen: Pino, Jose
Miguel, Uria, Iñaki Zubizarreta, Josu. Zuzendaritza
Txorrotxaren esku geratu zen, Josuri gehiegi urruntzeko
baimenik inoiz eman ez bazion ere.