Iraurgi S.B.

castellano | euskera

25. urteurrena | Jon Olaizola

3.6 XUBI JOKALARI BERRIEN BILA

Xubi 1982-83 denboraldian hasi zen Azpeitian Esklabatako neskak entrenatzen. 1983-84an, berriz, junior mutilak entrenatu zituen, eta, horrela, nesken taldea eta mutilena txandaka entrenatuz aritu zen aurrerantzean.

Gogo handiz beti. Izan ere, goizean lanera joan aurretik, makina bat jokalarirekin jarduten zuen bakarkako lanean, teknika lantzen. Saskibaloiarekin zerikusia zuten ahalik eta liburu gehien irakurtzen zituen Xubik, telebistako partiduak grabatzen zituen, eta arerioen partidak grabatzera ere joaten zen edo, bestela, berak ezin bazuen, norbait bidaltzen zuen.

Taldeak entrenatzen zihoan neurrian jabetu zen Xubi, aurrera egingo bazen, haurrak ahalik eta gazteen hasi behar zirela entrenatzen. Harentzat ez zen nahikoa taldeak osatu eta partidak jokatzea. Xubiren ustez, ahalik eta gazteen teknika indibiduala lantzea zen funtsezkoena, jokalari gazteek hasieratik ikas zezaten gauzak ongi egiten, biziorik hartu gabe, gero joera okerrak zuzentzea oso neketsua izaten delako.

Xubik berak onartzen du entrenatzaile aritu zen lehen urteetan hankasartze asko egin zituela, “ezjakintasunagatik” batez ere. Behin bere taldeak partidu batean ehun puntu sartzeagatik, lau jokalari eduki omen zituen eserita, segundo bakar batean jokatu gabe.

Uneoro, beti, %120 eskatzen zien jokalariei. Berak hala ematen zuen. Jugoslavia ohian egiten zen saskibaloia zuen gogokoena, eta antzekotasunak izatea nahiko luke: maila tekniko handiko saskibaloia, jokoaren tempoa bereziki zaintzen zuena, blokeo bidezko lan handikoa. Oso ondo ibiltzeko, Iraurgik Donostiako taldeen maila teknikoa behar zuen eta ordiziarren kasta. Xubik argi zuen NBAn jokatzen den saskibaloiak ez duela zerikusirik Europan jokatzen denarekin. NBAkoa beste kirol bat dela dio; jauzia egin eta noiz eroriko diren aztarrenik ematen ez zaien jokalari-akrobatek jokatzen dutena. Desberdintasuna, beltzek duten gaitasun fisikoan datza. Beraz, bakoitzak bere gaitasuna ahal den ondoen landu beharra du, gogor entrenatuz. Xubiren estilora.

Kluba