Urte haietan saskibaloiak bailaran
zuen indarraren eraginez, eta telebistan saskibaloia
modan zegoenez, neskak bezala mutilak, normaltasun
osoz saskibaloian jokatzera gerturatzen ziren. Jada
saskibaloia ez zen nesken edo neskamutilen kirola;
mutilek ere joka zezaketen inolako lotsarik edo kezkarik
gabe. Homologazioa lortua zuen.
Taldeak osatzeko entrenamenduak deitzen zirenean,
hainbat mutilen kirolerako lehen aukera saskibaloia
zen, eta sarritan saioetara bi talde osatzeko adina
haur agertu ohi ziren. 1983-1987 tartean, futbolarekin
lehiatu zen saskibaloia mutilak bereganatzeko. Hala,
orduan mutilen lau talde eduki ohi ziren federatuta.
Neskena, berriz, talde bakarra da, eta urte puntual
batzuetan bi.
Jokalari gazteek udan izaten
diren klinik-etan parte hartzen zuten, eta udazkenean
buru-belarri ekiten zieten entrenamenduei. Iraurgiren
talde gehienek nahiko maila polita zuten. Gogoz entrenatzen
zen, baina oraindik Donostiako taldeak askoz gehiago
ziren teknikoki. Buruz buruko jokoan, teknika nabarmentzen
denean, Iraurgiko jokalariak maila ertainekoak ziren;
ordenatuta jokatzen zuten, kastadunak ziren, baina
beste urrats bat falta zitzaien hirikoen parera iristeko.
Donostian, mutil gazteek oso txikitatik eskoletan
lantzen zuten banakako teknika; urte luzeetako eskarmentua
eta antolakuntza zituzten, eta gora begira, jokalari
onenei irteera eskaintzeko hainbat talde.
1983-84tik Iraurgik
zituen taldeak gehitzen zihoazenez, eta tokia arazo
bihurtu zenez, neskak eta juniorrak Azkoitiko Profesionalean
hasi ziren jokatzen. Kadete eta jubenil mailako mutilek
Betharramdarretan jokatzen zuten, eta eskoletako hainbat
talde ere bertan biltzen hasi ziren entrenamenduak
egiteko.