Hirugarren Mailan saskiek metakrilatozkoak
izan behar zuten. Izarraitzen lehen partida jokatu
behar zenean, azken unean Jesus Ruiz de Argandoña
Keuttin-ek ekarri zituen kanasta berriak kamioian
Madrildik, eta jokatu zen partida.
Maila berriarekin batera taldeak izen berria izan
zuen: Hotel Izarra; urte luzeetan izan zen Iraurgiren
babeslea. Izarraneko Pedrok gogotik miresten zituen
gazte haiek kirolaren alde egiten zuten guztia. Hori
bai, diru laguntza emateko baldintza bat jarri zuen:
bere emazteari ezertxo ere ez esatea eman zuen diru
hartaz.
Saskibaloia puri-purian zegoen bailaran, eta egoera
berriari etekina atera beharra zegoen: bazkideak egin
ziren, frontoian sarrera jarri zen, babesleen iragarkiak
kokatzen hasi ziren joko eremuaren ertzetan...; iragarkiok
partida aurretik jokalariek ateratzen zituzten, eta
amaitzean gorde. Klubean lan banaketak berean jarraitzen
zuen: jokatu nahi zuenak klubaren egiturari eusteko
lana egin behar zuen. Frontoian, jolas eremuaren arrastoak
margotzeko baimenik ez zegoenez, zinta itsaskorrez
markatzera joan behar izaten zuten jokalariek partida
aurretik. Saskiak gurpildunak ziren, Betharramda-rretan
bezala, baina askoz modernoagoak, lurrera finkatzen
baitziren torloju bitartez; eta erabiltzen ziren bakoitzean,
saskiak frontoiaren atzealdera eramaten ziren.
Hori guztia horrela izanik,
jokalari bat baino gehiago bene-benetan hunkitu zuena
partida jarraitu ahal izateko markagailu elektronikoa
izatea izan zen; izan ere, telebistako saskibaloi
partidetan bezala, gora begiratu eta emaitza jakin
ahal izango zuten. Baina markagailua pilotako partiduetarako
zenez, bazuen arazo txiki bat: pilota partidetan denbora
aintzakotzat hartzen ez denez, markagailuak ez zuen
denbora emateko sistemarik. Laster topatu zen konponbidea:
mahaitik txirrin baten bitartez, markagailuan egon
ohi ziren gaztetxoei adierazten zitzaien minutu bat
pasatu zela. Sistema ez zen perfektua, ez zuelako
aukerarik eskaintzen segundoen jarraipena egiteko.
Amaiera estua zenean, lehen lerroetan zeuden ikusleek
mahaira gerturatuta jakiten zuten zenbat segundo geratzen
ziren amaierarako, eta ahoz aho zabaltzen zen ikusle
guztietaraino. Frontoiarekin batera ezagutu zituzten
Iraurgikoek lehen larruzko baloiak. Izarraitz zen
une haietan Iraurgik bizi zuen arrakastaren adierazle
zuzena.