Hiru urtetan jarraian igoera
eskura izan ondoren, azkenik 1982-83 denboraldian
lortu zuen Iraurgiko talde seniorrak Hirugarren Mailara
igotzea. Trena martxan jarria zen, eta ziztu bizian
zihoan; ez zegoen hura geldituko zuenik.
Ikusgarriak izan ziren Betha-rramdarretako jolastokiak
igoerako fasearen partidetan izan zituen betekadak.
Bereziki zitalak izaten ziren Ordiziaren aurkako norgehiagokak;
gero, urte luzeetan zehar, derbi klasikoan bilakatu
ziren bi taldeen arteko partidak. Ordiziarrek beti
oso talde borrokalaria izaten zuten: mutil handirik
gabea baina tximistak bezala jokatzen zutenak, eta
partida irabazteagatik edozer egiteko gai ziren. Iraurgik
jende handiagoa zuen, eta batez ere Josu Arregiz eta
Etxaniz baliatzen zen jokoa antolatzean. Bi taldeen
norgehiagokak oso beroak izaten ziren. Xubik esan
ohi zuen bezala, ez zitzaion “tia monjari ere
barkatuko”.
Hain zuzen ere, ordiziarren
aurka jokatutako igoera fasean garaile irtetean lortu
zuen azkenean Iraurgik Hirugarren Mailara igotzea.
Betharrametan bildu zen jendetza ikusgarria izan zen,
eta Ordiziako elastikoa zeraman zerri bat atera zuten.
Ospetsua egin zen neurketa hura, ezbairik gabe.