Ikastolako neskak alebin mailan
Euskadiko txapeldun geratu ziren, orduan ere Pello
Aizpuru zela entrenatzaile. Nesken saskibaloiak Urola
bailaran lortu zuen lehen txapelketa zen. Hamabi-hamahiru
urteko neskek pare bat urte zeramatzaten entrenatzen
eta han zen Mailu Gurrutxaga, gerora urte luzeetan
Iraurgiko jokalaririk onenetakoa izan zena.
Urte haietan Iraurgiko
jokalariek saskibaloia nola bizi zuten ikusteko Pello
Aizpururen adibidea adierazgarria da: seniorretan
jokatzen zuen, eta gero juniorrak eta ikastolako haurrak
entrenatzen zituen. Horrez gain, zuzendaritzako bileretara
joan behar izaten zuen. Antzekoa zen Iñaki
Uriaren kasua: ikasketak utzi eta aitaren lantokian
hasi zen lanean, makina bat lan ordu galtzen zituen
federaziora bueltaka, kartelen kontuak zirela...;
etxeko autoaz baliatzen zenez, entrenatzen zituen
nesken taldearen partiduetara asteburuero joateaz
gain, seniorretako bidaiak egiten zituen, jokalaria
baitzen; eta horri larunbat goizak eskolartekoentzako
izaten zituela kontuan izanik.