Aparteko taldea osatu zuen Iraurgik
1980-81 denboraldian senior mailan. Jose Miguel Etxaniz
itzuli egin zen, Aguilasen, Askatuaken eta Juvenen
jokatzen aritu ondoren, eta Josu Arregiren eta bien
artean taldeari gorengo maila ematen zioten. Baina
beste taldekideak oraindik heldu gabe zeuden; lan
jarraiago baten premia bistakoa zen. Iraurgiren jokoa
oso sotila zen: Etxanizi eman baloia, beste taldekideek
saski ingurunea gardentzen zuten, eta hark bat baten
kontra jokatzen zuen.
Sasoi hartan hasi zen Iraurgi 1-3-1 zonan defenditzen;
zonan kokatzeko modu berri bat zen maila apal haietarako,
arerioak noraezean uzten zituena. Defentsa mota honek
arrakasta handia ekarri zion taldeari, eta gerora
taldearen defentsa klasikoa izan zen urte luzeetan
zehar.
Apurka-apurka taldeak aro berri bat ezagutu zuen;
gero eta indartsuagoa zen, eta Probintziarteko Mailatik
Hirugarren Mailara igotzeko aukera eskura ikusten
hasi zen. Era berean, taldeak gero eta jarraitzaile
gehiago zuen. Kontuan izan behar da talde berean Josu
eta Etxaniz bildu izana, biak talde handietan ibiliak
izanik, herritarrentzat neurri batean pizgarria zela
haiek ikustera joatea.
Sasoi horretan irabazi
zuen Iraurgik bere lehenengo txapelketa: hain zuzen,
Goierrik antolatzen zuen Gabonetako Txapelketa. Hori
zela eta, Carmelo Otaegi kazetariak Josu Arregi eta
Iñaki Uria Loiola Herri Irratira eraman zituen
elkarrizketatzera. Iraurgikoek elkarrizketa grabatu
egin zuten, pentsatzekoa denez, eta hurrengo entrenamenduan,
Betharramdarre-tara autoa sartu, kasetearen bolumena
igo eta ilusioz gainezka entzun zuten elkarrizketa,
bukatzen zenean berriro hasieratik entzunez.