Iraurgi S.B.

castellano | euskera

25. urteurrena | Jon Olaizola

1.10 BIDAIETAKO ABENTURAK

Ondoren bi pasadizo esanguratsu daude, orduko bidaiak eta jokalari haien izaera agertzen dutenak.

Donostian zuten partida. Autoa jarri zuenetako bat Juan Jose Azkue Makillas zen; sasoi hartan taldearen bidaia guztietarako gidari lanetan aritzen zena, hain zuzen. Nahiko berandu zihoazen. Maki-llas bere Seat 600 berdean aurretik, ziztu bizian dena emanda, eta besteak hari jarraituz atzetik. Donostiako sarreran txapelokerrek -alegia, La Guardia Civil-ek-, alto! eman eta paperak eskatu zizkioten Makillasi. Lehen partidara berandu iristear baziren, kontrola tokatu behar pare-parean! Iñaki Uria zihoan gidatzen beste autoa; hain zuzen, bere aitaren Seat 124a. Makillas autotik aterata zegoen txapelokerrei paperak erakusten. Atzeko autoko jokalariak ataka larrian aurkitu ziren partida ez ote zuten jokatzerik izango kezkarekin, fitxak Makillasen autoan baitzeuden. Bi aldiz pentsatu gabe, Iñakik autoa Seat 600aren parean kokatu, burua leihotik atera eta, “hi, fitxak pasaiztek” eskatu zizkion gidariaren aldameneko eserlekuan zegoenari. Txapelokerrak aho zabalik zeuden jokaldiari so.

Iñaki Uriak aginduta bezala, Makillasen aldamenekoak leihatila jaitsi, besoa atea eta pasatu zizkion fitxak. Partidara garaiz iritsi nahian, normaltasun osoz abiatu zen Iñaki, baina bigarrengoz alto! eman zien. Partida jokatzeagatik, txapelokerren kontrola gainditzeko prest zeuden, baina zerbaitegatik esaten da polizia ez dela tontoa.

URRAKIKO IGOERA

Beste behin Beasainen zuten partida, negua zen eta harantzako bidaian Urretxun elurra hasi zuen. Josu Arregi Txapao-ren autoaren aurrealdeko gurpilak alanbrea agerian zutela zeuden, eta nahikoa lan izan zuten Beasainera iristen. Norgehiagoka jokatu zuten, puntu batengatik galdu gainera, eta hori gutxi balitz, irtetean dena zuri-zuri zegoen, elurra ugari. Argi eta garbi ikusi zuten Josuren autoak zailtasunak izango zituela Zumarraga-rako aldapa igotzeko. Josuk Donostiara aldera hartu behar izan zuen, kostatik buelta itzultzeko, handik bidea garbiago egongo zela eta. Horrela, Ordizia paretik zihoazela, ekaitza baretzen hasi zen, eta Tolosara iristean elur aztarnarik ez zegoela ikusita, Josu Txapaok burutazio paregabe bat izan zuen: “Que cojones! Vamos por Urraki”. Eta esanda bezalaxe abiatu ziren maldan gora.

Pentsatzekoa denez, Bidanira iristerako elur geruza lodiak Josuren autoaren azpia jotzen zuen. Mantso-mantso bidea irekitzen zien Lang Rover baten atzetik jarri, eta ahal zuten moduan, hitz egiteko animo handirik gabe egin zuten bidaia. Azpeitira iristerako elurra desagertua zen, baina jokalariak zuri-zuri zeuden, eta ez ziren oroitzen Beasainen puntu batengatik galdutako partidaz.

Kluba