Josu Arregi Txapao Bilbotik
herriratzen zenean, ezin zen saskibaloian aritu gabe
egon, eta gazteak entrenatzen saiatzen zen. Betharramdarretako
frontoi txikian aritzen ziren minibasketeko saskietan.
Josu Azkoitira joaten zen Mobylettearekin hango gazteak
Azpeitira ekartzeko; parrilean bat zuela itzultzen
zen Azpeitira, eta beste gazteak oinez abiatzen ziren
zintzo-zintzo, eta Josu Azpeitira iritsi bezain pronto,
beste bat ekartzera itzultzen zen. Farik ere jardun
zuen gazteak entrenatzen; ondo oroitzen da nola entrenatu
zuen Jose Miguel Etxaniz, honek bederatzi urte zituenean,
minibasketean, Betharramdarretako frontoi txikian.
Josu goi mailako talde batean zegoen -Aguilasen-,
eta saskibaloi klub baten egitura nolakoa izan behar
zen ongi zekien: nola entrenatu arlo teknikoa, nola
taktikoa...; baina udak ez zion gehiegirako ematen.
Bailarako eskolen artean ere -Betharram, Jesuitinak,
Institutua, Profesionala, Floreaga...- saskibaloian
beste kiroletan bezala jokatzen hasi ziren neska-mutilak.
Aipamen berezia merezi du Jesuitinetan osatu zen Gailurra
taldeak, gero urte askoan saskibaloian aritu ziren
neskak zirelako parte hartu zutenak.
Orduan ere denen artean aise
nabarmentzen ziren kirolerako berezko egokitasuna
zuten gazteak. Hau da, edozein kirol zela, berehala
jartzen ziren haiek: mutilen kasuan gehienetan futbolerako
bidea hartzen zuten, eta nesketan, berriz, onartzen
zitzaien kirol etorkizun guztia aparteko emaztea izatea
itxarotea zen.