Gazte haiek, saskibaloian jokatzeko
irrikatzen zeuden gazte haiek, leku duin bat lortzeko
zerbait egin beharra zegoela erabaki zuten. Fari Xamartinekoa
oraindik ezinhobeto oroitzen da Donostiara Loiolako
Jesuitetara espreski joan zirela Zurutuza eta biak
Hermano Rosanorengana, hau Gipuzkoako saskibaloian
oso pertsonaia entzutetsua baitzen sasoi haietan,
eta han nola jakin zuten saskiak lurretik hiru metro
eta bost zentimetrora egon behar duela. Xamartineko
mutikoa harri eta zur utzi zuen hiriko ikastetxe hartako
saskien taulak beirazkoak zirela ikusteak, eta estalitako
jolas-eremuaren buelta guztia saskiz josia zegoela
ikusteak; hiriburukoak beste galaxia batean zeuden.
Azpeitira itzultzean, saskien neurri zehatzekin Karrera
anaiengana joan ziren —perratzailenekoak bezala
ezagutuak Azpeitian—. Gero egin zituzten minibasketekosaskiak
ere, eta lanaren zenbatekoa udaletxera eraman zuten.
Anaitasuna Illarra taldeak urtebeteko
bizia izan zuen. Hala ere, lagun talde bat aurrera
jarraitzeko prest zegoen, eta hurrengo urtean bertan
—1973an—, taldea berrosatu egin zen eta
Lagun Onak izena hartu zuen. Saskibaloian jokatzeko
gogoa zuen lagun talde bat zen, eta haiek ez zuten
klub baten eraketa eta antzeko korapiloetan sartzeko
gogorik. Astean lan saio bat egiten zuten partidatxoa
jokatzeko hainbat biltzen zirenean: Xabier Madina,
Esteban Urbieta, Iñigo Juaristi Aldagoiti,
Ritxi, Federico Aranbarri, Benito, Txotxe, Fari, Jose
Ignacio Zurutuza... Betharramdarretako jolas-eremu
berria luxuzkoa zen gazte haientzako. Gerora Zestoako
eskubaloiko taldea ere Betharramdarretara etorri zen;
nahiz eta estali gabea izan, Urola bailararako puntako
kirol ekipamendua zen. Futbitoan jokatzeko ere erabili
zen.
ELKARREKIN
Ikus daitekeenez, lehen bi taldeen izenetan Anaitasuna
eta Lagun Onak agertzen dira. Sorreratik bertatik,
saskibaloian azkoitiarrek eta azpeitiarrek elkarrekin
talde berean jokatu izan dute. Bailaran saskibaloia
ezagutzen zutenak gutxi ziren, eta, horrela, kirol
honek bi herrietako seme-alabak bat egin zituen,
hain ezaguna den bi herrien arteko sestra inolako
arazorik gabe, naturaltasun osoz gaindituz. Saskibaloian
jokatzeko gogoa ororen gainetik zegoen. Gainera,
egoera ez zegoen jarrera herrikoi itxietarako.