Iraurgi S.B.

castellano | euskera
FacebookTwitterTuenti

25. urteurrena | Jon Olaizola

1.2 ANAITASUNA ILLARRA

Saskibaloian jokatzeko zegoen gogo hartan aurrera egin eta 1972an bailaran eratu zen estreinako talde federatua, jubenil mailan: Anaitasuna Illarra. Azkoitiko futbol klubaren izena hartu zuten, horrela federatu ahal izateko eskatzen ziren estatutuak egiten hasi beharrik ez zutelako. Bestetik, Illarra Azkoitiko jatetxeak diru laguntza eman zien, eta horrela hasteko moduan zeuden. Azkoitian, Goiko Losan jokatzen zuten. Lehenengo talde hartan Antton Juaristi, Jose Mari Aldalur, Federico Aranbarri, Felix Mateos, Marcos, Fari Garmendia, Esteban Urbieta eta Txotxe zeuden, besteak beste. Entrenatzaile lanetan Candamio aritzen zen; Olivetti idazmakinen komertziala zen Candamio donostiarra, eta Seat 600 batean etortzen zen; saskibaloiarekiko maitasun itsua zen, kasik eria, eta saskibaloiak barren-barrenetik harrapatua zuen beste bat. Lan saioak zuzentzera etortzeaz gain, ezpainetik kentzen ez zuen zigarro amerikar gorriaz, asteburuan gazteak hartuta joaten zen zegokion partida jokatzera, eta partida ondoren, nahiz eta galdu, gazteei gustura ordaintzen zien hamaiketakoa.

Sasoi hartan, Urola bailaran saskibaloian jokatzea mirari txiki bat zen. Lan saioak egiteko leku bat izatea ez zen gutxi ordurako. Noizbait, Jesus y Mariasetan aritu behar izan zuten Candamioren aginduetara: lurra hartxintxarrekoa zen, zuloz beteta zegoen, jolas-eremuan zuhaitzak zeuden, eta nahiko zailtasun izaten omen zituzten zuhaitz haien blokeoetatik irteten.

Kluba

KIROL AUKERA
Txikerra Teilatuak
GRUPO ZAHER