Bilatu
¡CSS Válido!
4.1 Loiola 91
Loiola 91
Loiola 91 babesle zen garaioko ekipoa. Goi-goian, ezkerretik, Joseba Rezola, Javier Odriozola, Luis Ibañez eta Xabier Errasti. Erdiko lerroan, Carlos Larrañaga, Asier Oiarzabal, Pello Aizpuru, Xanti Etxaniz eta Jose Luis Legarda-ereño. Beheko lerroan, Jose Luis Zubizarreta, Iñigo Odriozola, Iñigo Navajas, Joseba Otaegi eta Luis Oyono, Azpeitiko Kiroldegian.
Iraurgin 1990-91 denboraldian hasi zen seniorren taldea Azpeitiko Kiroldegian jokatzen. Loiola 91 zuen babesle eta Xubi entrenatzaile; Nartzabalgoak atera berria zuen entrenatzaile titulu nazionala. Seniorrek, Iraurgiren historian bigarrengo aldiz, Bigarren Mailan jokatu zuten. Eta neurria emateko, taldea kanpoko jokalariekin sendotzearen aldeko erabakia hartu zuen Xubik, eta Iñigo Navajas base donostiarra eta Ibañez pibot zarauztarra fitxatu ziren. Jokalarien aldetik ahalik eta gogo gehien eskuratzearren, irabazitako partiduak diruz saritzea erabaki zen Iraurgiren historian aurrenekoz... eta azkenekoz.

Talde indartsua osatu zen, mailari duintasunez aurre egiteko modukoa. Hala ere, espero zenez, diru-sariak zirela eta, taldearen inguruan zurrumurruak piztu ziren: zenbaiten irudikoz, handikerian puztu zen Iraurgi, galtzeraino, klubaren filosofiarekin zerikusirik ez zuen bideari ekinez. Hala ere, orduan gertatu zena ulergarria izan daiteke, bere egoeran aztertzen bada: kiroldegi berrian jokatzera zihoazen, Gipuzkoa mailako klubik sendoenetakoa zen, oso indartsu zegoen saskibaloia bailaran, berriro Bigarren Maila lortua zuten eta kanpotik zetozen jokalariei ere zerbait eskaini beharra zegoen. Kontuan izan behar da, baita ere, talde seniorraren babeslea izateagatik, Loiola 91 Iraurgiri eskatutako diruaren bikoitza emateko prest agertu zela. Eta prest diogu, bai prest; izan ere, diru horren zati bat, bidean Santu egin, antza, eta lurrundu egin zelako.

Urte haietan beste bi kide aipagarri bildu ziren taldera: Jose Leon Arzalluz medikua eta Jesus Mari Bastarrika Toota masailaria azkoitiarrak. Hainbat jokalariren giharrez eta hezur hausturez arduratu ziren, eta mediku orok dakien legean, fisikoak ez ziren hainbat gaitzi mimoak egin beharrean aurkitu ziren; astelehenetan, batez ere

Xubiren eskaintzak
Xubik entrenatzaile titulu nazionala atera zuenean, Espainiako ACB Ligako bi klub onen eskaintzak izan zituen: Caja San Fernandorena (Sevilla) eta Baskoniarena (Gasteiz). Biak baztertu egin zituen; izan ere, Azpeitian bizitza bere gustura antolatuta zuen, ezkondu berria zen, eta Iraurgiren alde lanean jarraitzea gogokoa zuen. Orduan esan omen zion Baskoniako (egungo Tauko) entrenatzaile batek luze gabe erreko zela Iraurgin, herri txiki batean ezinezkoa zelako Xubik zuen lanerako filosofiarekin luze irautea. Hitz haiei ez omen zien inolako jaramonik egin Xubik.
IBON-EN KAMERA

Ibon Garmendiak ere lan handia egin zuen garai hartan. Izan ere, Xubi entrenatzailearen esanetara, bideo kamera hartu eta arerioen partidak grabatzera joaten zen larunbatero, hurrengo asteko partida behar bezala prestatu ahal izateko.
 
25. urteurrena > kiroldegiko aroa: gozoa bezain larria
LAN MOBEL COOPERATIVA
Azpeitiko Udala
MARMOLES AZTIRIA
BETIKO Kafea