Bilatu
¡CSS Válido!
3.10 Behin gorenera iristean...
1987
Bigarren Mailako taldea, 1987an, Izarraitzen. Goian, ezkerretik, Ramon Aramburu entrenatzailea, Jose Miguel Etxaniz, Josu Egiguren, Javier Odriozola, J. Luis Legarda, Iñaki Uria. Behean, Jose Luis Zubizarreta, Xabier Errasti, Pello Arizmendi, Luis Oyono, Mikel Larrañaga eta Pello Aizpuru.
Urtebete egin zuen seniorren taldeak Bigarren Mailan. Ramon Aranburuk bete zituen entrenatzaile lanak. Ramonek ere asko eskaini zion taldeari. Urte luzeetan, Las Banderaseko neskekin gorengo mailako entrenatzailea izana zen, eta Bigarren Mailan entrenatzeko entrenatzaile titulua zuen. Ramonen ekarpena ez zen, ordea, bere prestakuntza eta eskarmentuarena soilik izan; Las Banderaseko babeslea lortu zuen taldearentzat, eta, bestetik, Converseren ekipamendu oso-osoa lotu zuen, oinetakoak barne; jokalariak txoratuta zeuden, haurrak zapata berriekin bezala, Converse zuri-gorriak probatzen.

Maila berriak zuen eskakizunari erantzuteko Goierritik Mikel fitxatu zen, eta Iraurgiko ezagun Josu Egiguren Metro bi ere bai. Baina Jose Miguel Etxanizek taldea utzi egin zuen, bizkarrean zituen arazoak zirela eta; taldearen jokalari giltzarria izan zenaren adioa ekipoak gogotik nabarmendu zuen.

Metro bi
Iraurgik 2,02 metroko bat fitxatu zuen: Josu Egigu-ren; Metro bi bezala ezagutzen zen. Izan ere, lehenagotik Azpeitian maiz ibilia zen, eta zenbat neurtzen zuen galdetzen ziotenean, hura bizkaitarra izanik, “metro bi” erantzuten zuen, eta halaxe geratu zitzaion goitizena.
Bigarren Mailako taldea egiteko, bi jokalarik kanpora geratu behar zuten. Entrenamenduak denek egin zituzten, baina azken orduan Natxo Etxaniz eta Pablo geratu ziren kanpoan; biak urte askotan Iraurgin jokatutakoak ziren, etxe-etxekoak, eta erabaki hark izan zuen ondorio desatseginik.

Denboraldi berean maila galdu zuen taldeak eta ikusleen erantzuna hozten hasi zen. Klubeko jende bat ere uzten joan zen: Pino, Jose Miguel, Uria, Iñaki Zubizarreta, Josu. Zuzendaritza Txorrotxaren esku geratu zen, Josuri gehiegi urruntzeko baimenik inoiz eman ez bazion ere.
 
25. urteurrena > Azkenean, estalpean jokatzeko lekua
LAN MOBEL COOPERATIVA
Azpeitiko Udala
MARMOLES AZTIRIA
BETIKO Kafea