| |
Iraurgiko
kadeteak, Betharramdarretan.
Goian, ezkerretik, Patxi Arruti,
Oscar Aizpurua, Joseba Agirre,
Agustin Beloki, Joseba Agote,
Pello Aizpuru, Luis Mari Garagarza,
Valentin, Lucas Olaizola. Behean,
Aitor Bereziartua, Iñaki
Lapeira, Jose Manuel Lizaso,
Josu Legarda-ereño, Iñigo
Odriozola eta Iñaki Iriarte. |
|
|
Xubi 1982-83 denboraldian hasi
zen Azpeitian Esklabatako neskak entrenatzen. 1983-84an,
berriz, junior mutilak entrenatu zituen, eta, horrela,
nesken taldea eta mutilena txandaka entrenatuz aritu
zen aurrerantzean.
Gogo handiz beti. Izan ere, goizean lanera joan aurretik,
makina bat jokalarirekin jarduten zuen bakarkako lanean,
teknika lantzen. Saskibaloiarekin zerikusia zuten
ahalik eta liburu gehien irakurtzen zituen Xubik,
telebistako partiduak grabatzen zituen, eta arerioen
partidak grabatzera ere joaten zen edo, bestela, berak
ezin bazuen, norbait bidaltzen zuen.
Taldeak entrenatzen
zihoan neurrian jabetu zen Xubi, aurrera egingo bazen,
haurrak ahalik eta gazteen hasi behar zirela entrenatzen.
Harentzat ez zen nahikoa taldeak osatu eta partidak
jokatzea. Xubiren ustez, ahalik eta gazteen teknika
indibiduala lantzea zen funtsezkoena, jokalari gazteek
hasieratik ikas zezaten gauzak ongi egiten, biziorik
hartu gabe, gero joera okerrak zuzentzea oso neketsua
izaten delako.
Xubik berak onartzen
du entrenatzaile aritu zen lehen urteetan hankasartze
asko egin zituela, “ezjakintasunagatik”
batez ere. Behin bere taldeak partidu batean ehun
puntu sartzeagatik, lau jokalari eduki omen zituen
eserita, segundo bakar batean jokatu gabe.
Uneoro, beti, %120 eskatzen zien jokalariei. Berak
hala ematen zuen. Jugoslavia ohian egiten zen saskibaloia
zuen gogokoena, eta antzekotasunak izatea nahiko luke:
maila tekniko handiko saskibaloia, jokoaren tempoa
bereziki zaintzen zuena, blokeo bidezko lan handikoa.
Oso ondo ibiltzeko, Iraurgik Donostiako taldeen maila
teknikoa behar zuen eta ordiziarren kasta. Xubik argi
zuen NBAn jokatzen den saskibaloiak ez duela zerikusirik
Europan jokatzen denarekin. NBAkoa beste kirol bat
dela dio; jauzia egin eta noiz eroriko diren aztarrenik
ematen ez zaien jokalari-akrobatek jokatzen
dutena. Desberdintasuna, beltzek duten gaitasun fisikoan
datza. Beraz, bakoitzak bere gaitasuna ahal den ondoen
landu beharra du, gogor entrenatuz. Xubiren estilora.
|