Bilatu
¡CSS Válido!
3.5 Saskibaloia, punta-puntan
Urte haietan saskibaloiak bailaran zuen indarraren eraginez, eta telebistan saskibaloia modan zegoenez, neskak bezala mutilak, normaltasun osoz saskibaloian jokatzera gerturatzen ziren. Jada saskibaloia ez zen nesken edo neskamutilen kirola; mutilek ere joka zezaketen inolako lotsarik edo kezkarik gabe. Homologazioa lortua zuen.

Taldeak osatzeko entrenamenduak deitzen zirenean, hainbat mutilen kirolerako lehen aukera saskibaloia zen, eta sarritan saioetara bi talde osatzeko adina haur agertu ohi ziren. 1983-1987 tartean, futbolarekin lehiatu zen saskibaloia mutilak bereganatzeko. Hala, orduan mutilen lau talde eduki ohi ziren federatuta. Neskena, berriz, talde bakarra da, eta urte puntual batzuetan bi.

Iraurgiko Kadeteak
Iraurgiko kadeteak, Betharramdarretan. Goian, ezkerretik, Patxi Arruti, Oscar Aizpurua, Joseba Agirre, Agustin Beloki, Joseba Agote, Pello Aizpuru, Luis Mari Garagarza, Valentin, Lucas Olaizola. Behean, Aitor Bereziartua, Iñaki Lapeira, Jose Manuel Lizaso, Josu Legarda-ereño, Iñigo Odriozola eta Iñaki Iriarte.
Jokalari gazteek udan izaten diren klinik-etan parte hartzen zuten, eta udazkenean buru-belarri ekiten zieten entrenamenduei. Iraurgiren talde gehienek nahiko maila polita zuten. Gogoz entrenatzen zen, baina oraindik Donostiako taldeak askoz gehiago ziren teknikoki. Buruz buruko jokoan, teknika nabarmentzen denean, Iraurgiko jokalariak maila ertainekoak ziren; ordenatuta jokatzen zuten, kastadunak ziren, baina beste urrats bat falta zitzaien hirikoen parera iristeko. Donostian, mutil gazteek oso txikitatik eskoletan lantzen zuten banakako teknika; urte luzeetako eskarmentua eta antolakuntza zituzten, eta gora begira, jokalari onenei irteera eskaintzeko hainbat talde.

1983-84tik Iraurgik zituen taldeak gehitzen zihoazenez, eta tokia arazo bihurtu zenez, neskak eta juniorrak Azkoitiko Profesionalean hasi ziren jokatzen. Kadete eta jubenil mailako mutilek Betharramdarretan jokatzen zuten, eta eskoletako hainbat talde ere bertan biltzen hasi ziren entrenamenduak egiteko.
 
25. urteurrena > Azkenean, estalpean jokatzeko lekua
LAN MOBEL COOPERATIVA
Azpeitiko Udala
MARMOLES AZTIRIA
BETIKO Kafea