Bilatu
¡CSS Válido!
3.4 Epaileek ere jokatzen dute
Saskibaloi partida batean bi talde lehiatzen dira, eta norgehiagoka zuzentzeko erabakigarria izaten da epaileen lana. Erritmo azkarrean jokatzen den kirola da, kontaktu askokoa; direla blokeoak, direla pertsonalak... eta kantxan bi arbitro eta mahaian laguntzaileak egonagatik, askotan zailtasunak izaten dira lana behar bezala egiteko. Une bateko erabakiak asko baldintza dezake partidaren martxa.

Josu Arregi Txapao Iraurgi Izarraren entrenatzailea txakur zaharra zen, hamaika gudatik bueltan zetorren eta bere teoriak zituen: sarritan entzun zitekeen, “que el equipo de casa somos nosotros” kexua adierazten epaileei, edo oso berea zen “vete a casa” garrasi egiten. Orduan teknika adierazi ohi zion epaileren baten, eta ikusleak epailearen aurka oihuka hasten ziren. Josuk, egoerari zegokion ukitu dramatikoa emateko, aulkia ostikoz jo, karpeta bota eta antzeko efektuak erabiltzen zituen orduan, eta gehienetan hutsartea eskatzen zuen. “Ahora, ahora, que me ha pitado técnica, ahora pitará a nuestro favor, y defender duro”, esaten zien bere jokalariei, eta norgehiagokaren erritmoa puskatzen saiatzeko modu bat zen teknika hori.

Josuk ongi erabiltzen zuen frontoian izaten zen jendetzak taldeari eskaintzen zion babesa. Epaileak ere beti beraiek izaten ziren: Arenaza, Madinazkoitia, Jesus Agirre, Alberdi... Denboraren poderioz ezaguna egin zen Izarrai-tzeko presioa epaileen artean, eta neurri batean, gerora, zenbaitetan Iraurgik ordaindu behar izan duen patua izan da epaileen artean irabazitako izen txarra. Egia da, baita ere, sarri askotan epaileen erruetan aitzakia bilatzeko joera ere izan dela. Epaileen lana oso zaila da, eta saskibaloi partidua zenbat eta maila baxuagokoa izan, epaileen maila ere eskasagoa izaten da. Dena dela, epaile asko sekula saskibaloian jokatu gabeak ziren, eta hori berehala antzematen zitzaien. “¡Pero si te quiero enseñar!” izaten zen Josuren beste kexua, epaileak gogotik zirikatzen zituena.

Gipuzkoatik ateratzean, eta batik bat partida Euskal Herritik kanpo zenean, Iraurgik beldurtzeko lapurretak jasaten zituen; euskaraz hitz egiteagatik makina bat teknika jaso izan dituzte Iraurgikoek.
 
25. urteurrena > Azkenean, estalpean jokatzeko lekua
LAN MOBEL COOPERATIVA
Azpeitiko Udala
MARMOLES AZTIRIA
BETIKO Kafea