Bilatu
¡CSS Válido!
3.3 Partiduak irratiz!
Etxaniz
Jose Miguel Etxaniz, saskiratzen, 1984ko abenduaren 15ean Ordiziaren kontra, Izarraitz frontoian. Saskiaren atzean jendea eserita. Ikusle ugari joaten zen orduan Iraurgi ikustera.
Gipuzkoan, saskibaloiaren unibertsoan, Iraurgi S.B. guztien ahotan zegoen taldea zen; modan zegoen. Donostiako edozein taldek zeukan ikusle kopuruarekin alderatuta, Izarraitzekoak beste maila batekoa zela zirudien, erruz joaten baitzen jendea frontoira saskibaloia ikustera, eta horrela aitortzen zuten arerioek beraiek. Behingoz, hiriburuko taldeak bekaizti zeuden mendiartean galdutako Gipuzkoa sakoneko talde xume honetaz. Baina gustura etortzen ziren Donostiatik frontoira, bertan izaten zen ikusle sutsuen aurrean jokatzera. Fron-toia gainezka izaten zen.

Hala ere, ikuskizunik handiena Ordiziaren aurkako neurketak pizten zuen. Lehia handiko partidak baitziren, sutsuak, eta, jada, klasikoak. Haien kontrako partida batean 1.300 lagun bildu ziren Izarraitzen. Saski atzean egurrezko aulkiak jartzen ziren zenbait partidatarako. Azpimarragarria zen ikusleen artean Azkoititik etortzen ziren zaletu zaratatsuek jartzen zuten giroa; zahagi eta ogi handiarekin etortzen ziren, eta atsedenaldian otarteko puska eske makina batek luzatzen zuten eskua tonto plantan. Jarraitzaileak kanpoko partidetara joateko, berriz, autobusak jartzen ziren. Batzutan bi autobus betetzen ziren, eta jokalariak autoz joan beharra izaten zuten.

JOKALDI HAIEK

Frontoian gozatzen zen giroa berezia zen; paregabea. Ikusleek taldea estu-estu jarraitzen zuten. Ezinhobeto ezagutzen zituzten taldeak egin ohi zituen prestatutako jokaldiak: bandako bat eta bi deitzen zirenak, esaterako; bandatik atera behar zuen jokalariak markatu aurretik kasik ikusleek eskatzen zuten. Beste jokaldi ezaguna kalea deitzen zen, eta baseak jokaldia markatzen zuenarekin batera, ikusleen artean entzuten zen zurrumurrua: “Kalea! Kalea!”.

Jhonnie Walker, Iraurgiren ustekabeko fitxaketa
Iraurgik kanpoko jokalari batekin egin zuen lehen apustua Johnnie Walker izan zen. Sanina-zioetan DVko Azpeitiko kartan filtratu zuten berri garrantzitsua, argazki eta guzti. Garai hartan klubean nagusi zen adar-jotze giroaren adierazlea da harekin gertatu zena. Kontua da Iñaki Pittikok -Eguzkitza kafetegia zeraman- astearte batean barran gosaltzen zegoen paisa bat ikusi eta Iraurgiko fitxaketa berria izan zitekeela komentatu ziola Iñaki Zubizarreta lehendakariari. Hor sortu zen ziria; berehala inguratu zuten lehen taldeko elastiko bat, paisa zerbeza kaxa batera igo zuten eta lehendakariari bostekoa ematen atera zioten argazkia. Fitxaketak izen bat behar zuen, eta tabernako botileroak eman zien erantzuna: Johnnie Walker izen eskoziarrez bataiatu zuten magrebiarra. Inuxente egunez argitaratu zen berria.
Saskibaloiak bailaran zuen indarra ikusita, Herri Irratia Izarraitz frontoitik zenbait norgehiagoka zuzenean ematen hasi zen. Hori zela eta, adierazgarria izan zen -eta neurri batean orduan saskibaloiak bizi zuen euforia ederki islatzen du-, Pablok Jarrillerosen aurkako partidan burututako jokaldi historikoaz egin zen irrati kontaketa. Hau da, partiduaren azken segundoak ziren eta Iraurgi puntu bategatik galtzen ari zen. Pablok bere saski azpian baloia hartu eta beste kanastara luze bota zuen, etsipenez, eta filma amaiera bat balitz bezala, irudiak ez ziren abiadura motelagoan gertatu baina kontua da baloiak Jarrillerosekoen taula jo eta saskian sartu zela. Orduantxe amaitu zen partida, eta Iraurgik irabazi egin zuen saskiratze hari esker. Pablo -minutu gehiegitan jokatzen ez zuen jokalaria- taldekideek sorbaldara jaso zuten; erregea zen. Eta, hain zuzen, egun horretan Herri Irratia partidu hura zuzenean ematen ari zen, eta Joti Diaz kazetariak esaten zuen Pablok “desde más de cuarenta metros” saskiratu zuela, nahiz eta saskibaloiko kantxa dezente motzagoa izan.

Urte haietan Hirugarren Mailan jokatzen zen saskibaloiak maila bikaina zuen. Iraurgiko jokalarien eskarmentua gora zihoan bezala, beste herrietan ere indartzen zihoan saskibaloia. Horrela, talderik lehiakorrena egin nahian, Izarrai-tzen ahal zen ikuskizunik handiena emateko, Iraurgik kanpoko jokalariei taldean jokatzeko eskatu zien. Hala, eta isekak alde batera utzita, Aztiria Goierritik etorri zen; harena izan zen lehen fitxaketa.

LUIS OYONO IRAURGIRA

Luis Oyono
Luis Oyono jokalari donostiarra, Askatuaken zegoenean. Atzean, Vicente Otero epailea.
Aztiriaren atzetik Luis Oyono etorri zen Iraurgira, Donostiatik, Askatuak talde ezagunetik. Fitxaketa harekin, urte luzeetan zehar Luis Oyonok saskibaloian jokatzen zuen erraztasunaz gozatzeko aukera eskaini zien ikusleei. Futbo-lean Romario bezalakoa zen Luis. Ez zuen alferrik lasterka egiten, bazirudien beti nekatuta zegoela, eta ez zen jokalari sutsuetakoa, baina baloia hartzen zuenean aparteko gaitasuna zuen: jauzi handia, jaurtiketa ona eta uneoro nola jokatu behar zen bazekien.

Azkar integratu zen Iraurgiren diziplinan. Adibide baterako, Luisek, bere aurkezpenean, lagunarteko partida jokatu zuen Betharramdarretan, eta ondoren mokadutxo bat egin ostean, taldekideekin batera kale buelta ematen hasi eta Gau Txorin amaitu zuen. Gau Txoritik irtetean, Jose Luis Legarda-ereño taldekideak esan zion ez hartzeko autoa, ez joateko orduan Donostiara, joateko beren etxera, bazegoela tokia, gurasoak kanpoan zirela eta. Oyonok baietz. Hurrengo goizean, Jose Luisen anaia gaztea Josu zur eta lur joan zen anaia zaharraren ohera, egongelako sofan beltz bat zegoela esanez.
 
25. urteurrena > Azkenean, estalpean jokatzeko lekua
LAN MOBEL COOPERATIVA
Azpeitiko Udala
MARMOLES AZTIRIA
BETIKO Kafea