Bilatu
¡CSS Válido!
2.7 Zerua ukitzen
Igoera partidua
1982-83an Hirugarren Mailara igotzeko Iraurgik Jarrillerosen kontra Betharramdarretan jokatu zuen partiduko argazkia. Erdian, Luis Mari Larrañaga, eta ezkerrean Jose Luis Zubizarreta, keinu bat eginez. Makina bat jende bildu zen orduan.
Igoera partidua 2
Partidu bereko argazkia da. Izugarrizko jendetza bildu zen Betharramdarretan.
Hiru urtetan jarraian igoera eskura izan ondoren, azkenik 1982-83 denboraldian lortu zuen Iraurgiko talde seniorrak Hirugarren Mailara igotzea. Trena martxan jarria zen, eta ziztu bizian zihoan; ez zegoen hura geldituko zuenik.

Ikusgarriak izan ziren Betha-rramdarretako jolastokiak igoerako fasearen partidetan izan zituen betekadak. Bereziki zitalak izaten ziren Ordiziaren aurkako norgehiagokak; gero, urte luzeetan zehar, derbi klasikoan bilakatu ziren bi taldeen arteko partidak. Ordiziarrek beti oso talde borrokalaria izaten zuten: mutil handirik gabea baina tximistak bezala jokatzen zutenak, eta partida irabazteagatik edozer egiteko gai ziren. Iraurgik jende handiagoa zuen, eta batez ere Josu Arregiz eta Etxaniz baliatzen zen jokoa antolatzean. Bi taldeen norgehiagokak oso beroak izaten ziren. Xubik esan ohi zuen bezala, ez zitzaion “tia monjari ere barkatuko”.

Hain zuzen ere, ordiziarren aurka jokatutako igoera fasean garaile irtetean lortu zuen azkenean Iraurgik Hirugarren Mailara igotzea. Betharrametan bildu zen jendetza ikusgarria izan zen, eta Ordiziako elastikoa zeraman zerri bat atera zuten. Ospetsua egin zen neurketa hura, ezbairik gabe.




Taberna jarri behar diru pixka bat ateratzeko
Emaitzak oso onak ziren arren, ekipamendu aldetik betiko arazoek berean jarraitzen zuten: estalitako kantxa baten behar larria zuen taldeak. Premia ekonomikoei aurre egiteko, berriz, Saninazioetan taberna jartzeko aukera aztertu zen, eta azkenik Errebalean jarri zen, Zabalaneko lokalean. Tabernarekin, diruaz gain, Iraurgik saskibaloiaren unibertsora jendea lotzea lortzen zuen. Herritarren artean gero eta argiago zegoen gazte haiek edozer egiteko gai zirela saskibaloia bultzatzeko.
Taberna
1982-83
1982-83an Hirugarren Mailara igoera lortu zuen Iraurgiko taldea, Loiolan. Ezkerretik, Josu Arregi entrenatzaiea, Jesus Mari Bereziartua, Luis Mari Larrañaga, Natxo Etxaniz, Juanjo Arakistain, Juanjo Gurrutxaga, Julian Zabarte, Javier Odriozola, Jose Miguel Etxaniz, Iñaki Uria, Pablo Juaristi, Pello Aizpuru, Jose Luis Zubizarreta eta Pello Arizmendi jokalariak, eta Iñaki Zubizarreta lehendakaria.
 
25. urteurrena > Eskolarteko txapelketatik Hirugarren Mailara
LAN MOBEL COOPERATIVA
Azpeitiko Udala
MARMOLES AZTIRIA
BETIKO Kafea