|
Bilatu |
|
|
 |
|
|
|
| |
Saskibaloia Gipuzkoa sakoneko
bailaran kirol berria zenez, taldekoei etengabe sortzen
zitzaizkien arazoak ahal zuten bezala zuzendu beharrean
izaten ziren. Buruhauste berezia izan ohi zuten taularekin.
Esan bezala, Betharramdarretako jolastokia estali
gabekoa izanik, haizearen eraginez edo saskia batetik
bestera mugitzean erori zitzaielako, tarteka taulak
hautsi egiten ziren, eta aldatu beharra zuten norgehiagoka
jokatzeko. Entrenamendurik egin gabe pasa zezaketen,
baina asteroko partida jokatzea sakratua zen gureentzat.
Beraz, burua nekatu beharrean izaten ziren. Autoan
Pogu Azpeitiko tailerrera joan eta batek perretxikotan
balebil bezala inguruak zaintzen zituen; arriskurik
ez zegoela ikustean, autoan zeuden taldekideei jokaldia
markatuko zien: haiek autotik atera eta Poguko atarian
egoten ziren aglomeratuzko taulak lotzen zituen alanbrea
askatu, bat hartu, autoaren sabai gainean kokatu,
atzeko leihoetatik besoa atera eta, taulari helduz,
disimuloz eraman ohi zuten Betha-rramdarretaraino.
Gero etortzen zen arotz lanaren unea: taula moztu
behar izaten zen, birbikinez zulatu... Margolariek
beren lana betetzean, saskia lotzen zioten taulari,
hurrengo haize eguna etortzen zen arte. Berehala ikasi
zuten, hala ere, ordezko taula batzuk prest edukitzen.
Eta saskian sareak ere sarri ipintzen ziren, eskaileratan
gora igota; abildadea galanta! Beharko!
Kanpotik etortzen zirenentzako
aldalekuak, Aiarzaren baimenari esker, Betharram Ikastetxeko
azkeneko solairuan zeuden; garai hartan gida-baimena
ateratzeko azterketak egiten ziren gela beraietan,
hain zuzen. Aldalekuak, literalki esanda; beraz, kanpotik
etorritakoak behin ere ezin ziren kexatu beste leku
askotan gertatzen zen bezala dutxako ura hotza zegoela-eta...
dutxatzeko aukerarik ez baitzen eskaintzen.
PATXONEKO ESERLEKUAK
Ordezko jokalariak esertzeko bankuak, hamaiketakoa
eginez, Patxo Azpeitiko jatetxean eskatzen ziren.
Bestetik, Otero familia osorik etorri ohi zen norgehiagoka
zuzentzera: aitak txistua hartzen zuen eta emaztea
eta alabek betetzen zituzten mahaiko lanak.
Kantxako marrak ia ilunpean margotzen
ari zirela... |
Betharramdarretako
saskibaloi kantxan makina bat lan
izaten zen denboraldian zehar partida
batzuk jokatzeko, eta, hala, araudia
betetzearren, kantxa bera zehazten
zuten arrastoak denboraldi hasieran
margotzen zituzten, taldekoek bertakoek
jakina; zeinek bestela? Lan haietako
batean, Pello Aizpuru orduko jokalariak
kontatzen duenez, entrenamendu bat
amaitzean, azkeneko orduan, presaka,
taldekoak hantxe inguruan propio jarritako
autoen argiez lagunduta ari ziren
lurreko arrastoak margotzen, eta erdi
ilunpean zeudenez, Altunak pintura
potean pibotatu zuen eta..., denboran
aurreratuz, bailarako lehenengo jolas-eremu
margotua izango zena asmatu zuen. |
|
Taldearen maila apala zen. Donostiatik etortzen ziren
taldeen ondoan teknikoki maila eskasa zen hemengoena.
Izan ere, soilik larunbat goizetan entrenatzen ziren;
biltzen zirenean, noski. Lagunartean saskibaloian
aritzeko izpiritua zen nagusi, eta partaideak ez zuten,
oraindik, diziplina estuegirik. Lan saioa beti oso
antzekoa izaten zen: eskuinetik sarrera batzuk egiten
zituzten, baina azkar asko hasten ziren gelditu eta
jaurtiketak egiten, eta gehiegi nekatzerako partida,
ahal baldin bazen haserretu gabe.
Hiriburutik Azpeitira, Betharramdarretara jokatzera
zetozen taldeak egitura sendokoak ziren, ikastetxeen
babesean hazitakoak, urte asko lanean zeramatzatenak,
behar bezalako instalakuntzak zituztenak, eta arlo
teknikoa eta taktikoa gogotik lantzen zituztenak.
Gureak, aldiz, teknikoki arlote aurkitzen ziren. Hala
ere, taldeak gogotsu jokatzen zuen beti; gogor, eta
hiritik zetozenei ere estali gabeko tokian jokatzea
neketsua suertatzen zitzaienez, partidak orekatu egiten
ziren. Dena den, zementuzko plaka ez zen ureztatzen
etxeko taldearen mesederako; mangerarik ez zegoelako,
bestela...
|
| |
25.
urteurrena > Baloia eskuan hartzea ez da bekatua |
| |
|
|