|
Bilatu |
|
|
 |
|
|
|
1.8
Betharram, burdin aroa |
|
|
Lagun Onak, bere neurri apalean,
klub egitura sendotu nahian zebilen. Eperra tabernaren
babesa lortu zuen, baina instalakuntza aldetik ipurdi-bistan
zeuden. Betharramdarretako jolastokia saskibaloirako
prestatu zenean, gazte haientzako egundoko lorpena
izan bazen ere, luze gabe konturatu ziren hura ez
zela saskibaloian jokatzeko leku egokiena. Lehenik
eta behin, estali gabea zelako; argi egokirik ez zuen,
argi-itzaletan uzten baitzuen jolas-eremua; plaka
gune batean irristakorra zen eta espray irristagaitza
ematen zen; pentsatzekoa denez, ipurtaldeak berotzeko
egokiagoa zen saskibaloian jokatzeko baino, batez
ere kanpotik partida jokatzera etortzen zirenentzat,
hemengoek ongi baitzekiten non zegoen platano azala.
| |
Betharramdarretan
jokatutako partida batean. |
|
|
Gaur egun, eskolarteko txapelketetan,
partida denak ezin dira kiroldegian jokatu, eta estali
gabeko jolastokietan jokatu behar izaten dira partidak;
guraso zenbait kexu agertzen dira haurrak busti egiten
direla eta; belar motzean hezi behar dela esango du
norbaitek; orain sikiera zorua galipotezkoa da eta
ez da irristatzen.
Lehengo hariari helduz, orduan ere arazo larrienak
euria egiten zuenetan sortzen ziren; saskibaloia baino
gehiago waterpolo partida baten traza izaten zuen
hark. Zoru irristakorrean, putzutan boteak emanez,
eskuak sentikortasunik gabe, tauletan baloiak labainduz...;
zirko itxura zuen. Mahaiak eta ordezkoen eserlekua
frontoi txikian kokatzen ziren. Eta neguko hotzekin,
kanpoa izozten zenean, oraindik zailago! saiakeran
bihurtzen zen han partida jokatzea. Noizbait gatzaz
baliatu ziren edo izotza jo eta su pikatu behar izaten
zuten. Beste sasoi batzuk ziren... Gaur egun, kiroldegian,
jokalari gazteek makina bat aldiz entzun behar izaten
dituzte antzinako pasadizo penagarri haiek, eta barre
egiten dute, adarra jotzen ari zaizkielakoan.
Saskiak gurpilez gorde eta ateratzen ziren, eta tente
egon zitezen, burdinezko kontrapisuak jartzen zitzaizkien
gainean. Josu Arregik kontatzen du behin Madrilera
ezkontza batera autoz abiatu zela emaztearekin, eta
bidean nahiko kezkatuta omen zihoan autoak ez zuelako
agertzen behar bezalako indarra; halako batean, aldapan
gora larri zihoazela, geratu egin zen, eta hara non
topatu zituen maleta-tokian saskiei eusteko erabiltzen
ziren burdinezko totxoak!
Kinitok ere izan zuen aferatxoa saskiarekin. Hark
base jokatzen zuen, eta aparteko gaitasuna zuen jokalaria
zen: tximista baino bizkorragoa eta pino eginda eskuen
gainean ibiltzeko abildadea zuen. Kontua da, Irunen
Amigosen aurka zuten partidu batean, Kinitok maisutasunez
baloia lapurtu eta kontraerasoan atera zela bizi-bizi,
baina saskiratzeko burua jaso zuenean, saskia falta!
Izan ere, Irunen saskiak sabaitik zintzilik zeuden
eta Kinitok jolas-eremua eta saskia atzean utziak
zituen.
|
| |
25.
urteurrena > Baloia eskuan hartzea ez da bekatua |
| |
|
|