Nesken talde bat ere aritzen
zen lan saioak egiten: Mari Carmen Zendoia, Cristina
Arregi, Marga Serna... Fari Garmendia izan zen neskak
gidatzeko ardura hartu zuena. 1975-76 denboraldian
federatu zen nesken lehen taldea. Sei talde zeuden
txapelketan. Urolan ez zegoen neskak kirola egiteko
ohiturarik, ez erreferentziarik; ez zen, beraz, txantxa,
urte haietako pentsakizun itxian, galtza motzak jantzita,
emakumea objetutzat zuten begirada lizunez paso egitea.
Bide berria jorratzen ari ziren; neska haien adoreak
izan du ondoriorik beste belaunaldientzat.
Bereziki gogoan dute Donostiara joan eta Ramon Aranburuk
zuzentzen zuen Juvenen aurka 102-4 galdutako partida.
Dena den, udaberriko txapelketan finalerdietara iritsi
ziren...; orduan lau taldek parte hartzen zutela kontatzen
dute ironiaz. Haien jarrera saritua izan zen ordea,
eta kiroltasunaren saria eman zieten.
Baziren hiru neska azkoitiar Donostian jokatzen zutenak
saskibaloian. Ana Eizagirre zen bat, eta goi mailan
jokatzera iritsi zen; urteetan Espainiako selekzioan
jokatu zuen. Begoña Zuazolazigorraga eta Cristina
Arregik ere Donostirekin jokatzen zuten.
AZKOITIKO LAGUNARTE HURA
Hiru neska haiek Donostiara jokatzera joateak sortzen
zien gastua zela eta, Bilboko Kaixokoen kontra lagunarteko
partidu bat antolatu zen Azkoitiko plazan. Saskiak
eraman zituzten, baina saskibaloiko jolas-eremua estu
geratzen zen orduko plazan; lurrera torlojuz lotuak
zeuden bankuak askatu behar izan zituzten saskiak
jartzeko. Iñigo Agirre azkoitiarra aritu zen
jokalariak aurkezten kioskora igota... mikrofonorik
gabe. Herri kirol ikuskizuna ere izan zen, eta gero
afari bat egin zuten antolatzaileek. Bat eta bestea,
hasieran bezala geratu ziren.