Pozik egoteko moduan gaude Azpeitian
eta Azkoitian, bi herriotako kirol klub batek 25 urte
bete dituelako: Iraurgi Saskibaloi Elkarteak. Urteurrena
dela eta, iraganera begira jarri gara, eta hasiera
zail haiez oroitzen. Baina ilusioa genuen, Azkoitian
eta Azpeitian beste kirol bat sustatzeko ilusioa,
eta herritarrei beste kirol bat praktikatzeko aukera
emateko helburua.
Mende laurden bat pasatu da harrezkero, eta kontent
egoteko moduan gaude, helburuak, gutxiago-gehiago,
bete egin direlako: jendeari saskibaloian jokatzeko
aukera ematea, herrietan giro bat sortzea, azpiegiturak
lortzea, kultura bat ezartzea, klub partehartzailea
bihurtzea, herrira begira lan egitea... Atzera begiratu
eta gauza asko egin eta lortu direla ikus daiteke,
eta horregatik iruditu zaigu egokia liburu xume honetan
biltzea iragan handi hori.
Hain zuzen, jendeak lan handia egin duelako du Iraurgik
iragan eder hori. Beraz, Iraurgi Saskibaloi Elkartearen
izenean, eskerrak eman besterik ez dut klubaren alde
berea jarri duten entrenatzaileei, zuzendaritzako
kideei eta lehendakariei, jokalariei, laguntzaileei,
babesleei, udalei, jokalarien gurasoei, ikastetxeei,
federazioei... Haiek gabe ezer ez litzateke Iraurgi.
Dena den, iraganera ez ezik, etorkizunera begira ere
badago Iraurgi. Eta iraganaz pozik bagaude, etorkizunaz
baikor gaude, kluba haur eta gazte mailan ondo ari
delako geroa ereiten. Izan ere, iragana daukan klub
bat bada zerbait, baina etorkizunik gabekoa ez. Bide
horretan, herrira begirako lanarekin segituko du Iraurgik,
eta herritarren laguntza jasotzea ere espero du.
|