Bilatu
¡CSS Válido!
25. urteurrena
JON OLAIZOLA
Iritziak
Iraganera ez ezik, biharko egunera ere begira
Jose Luis Zubizarreta
Koipe pixka bat, mesedez!
Jon Olaizola
Hutsetik hasi eta...
Josu Arregi
Aurrena kanpora
Jose Miguel Etxaniz
Saskibaloia gustatu
Iñaki Zubizarreta
Herriaren laguntza
Joseba Olazabal
Klub erromantikoa
Luis Oyono
Harreman handia
Ramon Aranburu
Nesken maila ona
Maixol Rezola
Elkarlan naturala
Iñaki Uria
Barrutik sortua
Julian Olano
25. Urteurrena
1. Baloia eskuan hartzea ez da bekatua
Liburuko lehenengo atal hau, antropologia kutsukoa da; Gipuzkoa sakoneko Urola bailara itxi honetan, baloia eskuan hartu eta saskira begiratzen ausartu ziren estreinako gizaki haien ibilerak aurkeztu nahi dira. Eta, hain zuzen ere, gaur egungo saskibaloiak -eta bizitzak, oro har- duen erosotasunetik begiratuta, kutsu surrealista nabarmena darien hamaika pasarte biltzen dira aurreneko atal honetan.

Aztarna guztiek diotenez, 1960. hamarkadaren hasieran eman ziren Urola bailaran saskibaloian federatuta jokatzeko lehenengo tentaldiak. Sasoi hartan ere futbola zen bailarako kirol federatu nagusia. Gaur horrek berdin jarraitzen duela bistakoa da, baina bada desberdintasun garrantzitsu bat egun kirolak gurean bizi duen egoerarekin alderatuta; alegia, orduan futbolean federatuta jokatzeko aukeratuak izaten ez ziren mutilek oso aukera txikia zutela federatutako beste kirol batean aritzeko. Mutilen egoera horrelakoa bazen, nesken egoera askoz larriagoa zela zer esanik ez, eskoletatik kanpo ez baitzen pentsatu ere egiten neskek kirola egiteko mutilen eskubide berbera dutela.
2. Eskolarteko txapelketatik Hirugarren Mailara
Iraurgi sortu zenetik, Urola bailarari egin dizkion ekarpenetan bi azpimarratu behar dira. Lehena, Urola bailarako eskolarteko kirola bultzatzen izan duen ardura; hau da, 1980. hamarkadatik haurrak kirol mundura sartzearen alde egin den lana. Eta bigarrena, hein handi batean eskolarteko kirola sustatzeak ekarri zuena, eta zuzenki Iraurgiren helburuen artean ez zegoena: hain zuzen, Iraurgik bailarako emakumeak kirol mundura sartzen izan duen garrantzia. Sasoi batean futbola zen mutilentzako kirola, eta neskek egin zezaketen guztia mutilek futbolean nola jokatzen zuten ikusten egotea zen. Bailaran saskibaloia jokatzen hasi zenean, neska batzuk urratsa aurrera egitera eta galtza motzak janztera ausartu ziren. Gerora, eskolarteko txapelketak antolatzen hasi zirenetik, neskek saskibaloiaren aldeko apustua egin zuten. Zergatik? Gipuzkoa sakonean neskek egina zuten kirol bakarra saskibaloia zelako. Eskolarteko txapelketak gorpuzten hastear ziren.

Egiari fidel izateko, aitortu beharra dago, eskolarteko txapelketetan saskibaloian neskek bakarrik izena ematen zutenean, Iraurgiko zenbaitzuei ez ziela grazia handirik egiten. Gerora, pixkanaka-pixkanaka, saskibaloia indartzen joan zen neurrian, mutilak ere hasi ziren sentikorragoak egiten saskibaloiarekiko.

Gaur egun ez da entzuten saskibaloia nesken kirola denik, edo garai batean esaten zen bezala, neska-mutilena. Kirolaren ikuspegi banatzaile hura zegoenetik, gauzak asko al-datu dira zorionez, eta neskak, mutilak bezalaxe, atletismoan, txirrindularitzan, igerian, futbolean... aritzen dira; hori bai, zoritxarrez beti bigarren maila batean.
3. Azkenean, estalpean jokatzeko lekua
Iraurgiko talde seniorra 1982-83 denboraldian Hirugarren Mailara igo zen, eta aro berri bati hasiera eman zion: aurrerantzean talde seniorreko jokalariak entrenamendura kaleko arropekin joan ahalko ziren, poltsan entrenatzeko arropak, toalla, xaboia eta txankletak zituztela, entrenatu ondoren etxetik kanpo dutxatzeko.

Hirugarren Mailan jokatzeko beharrezkoa zen estalitako jolastoki bat izatea. Oraindik ez zegoen kiroldegirik ez Azpeitian, ez Azkoitian. Egia esan, sasoi hartan oso herri gutxi ziren kiroldegia zutenak; hirian beste kontu bat zen. Baina euskaldunok saskibaloia moldatua genuen hemengo kirol ohituretara, hainbat herritan frontoietan jokatzen zelako; beharrak eskatuta, ez inolako helburu antropologikoengatik. Iraurgikoentzat estalitako jolas-eremu bat izateko aukera argiena Izarraitz frontoian jokatzea zen; aurretik eginak ziren han jokatzeko eskariak, baina jabego pribatukoa izanik, beti ezezkoa jaso izan zen.

Bistakoa zen Iraurgiren proiektua sendoa zena, eta, gainera, gero eta jende gehiago mugitzen zuen. Miguel Angel Zendoia Azpeitiko Udaleko kirol zinegotziak ireki zizkion Iraurgiri Izarraitzeko ateak, eta erabakigarria izan zen hark Iraurgirengan agertu zuen konfiantza. Azkenik, lortu zen talde seniorrak frontoian entrenatu eta jokatzeko baimena. Egia esan, urte batzuk geroago Azpeitiko Kiroldegian jokatzeak baino ilusio handiagoa sortu zuen horrek. Atzean geratu ziren, ikuslerik gabe, esku izoztuak berotzeko ahal zen lekuan sartzen zireneko garaiak... Hala ere, talde seniorrak ez beste ekipo guztiek sabairik gabe jarraitzen zuten, eta hori oztopo nabarmena zen hasiera-hasieratik maila tekniko egokia lortzeko.
4. Kiroldegiko aroa: gozoa bezain larria
Iraurgik 1990. hamarkadan aro berri bati hasiera eman zion: kiroldegien aroari; Azkoitiak eta Azpeitiak kiroldegia ireki berri zutelako. Esan daiteke Iraurgik bere sorreratik planteatu zituen helburuak mamituak zituela: hastapenetan, saskibaloian non jokatua ez zuen lagun taldea hark, gerora eskolarteko saskibaloia lantzeko erabakia hartu zuenak, urteetako lan jarraituaren ondorioz erakundeetatik zegokion erantzuna irabazia zuen. Kirol proiektua inoiz baino indartsuago zegoen; zortzi talde federatu izatera iritsi zen eta seniorrek Bigarren Mailan lau urte egin zituzten. Baina Iraurgiko sendikoak, bakanka, urruntzen hasiak ziren, bizitzako gora-beherak medio. Ondorioz, klubeko antolakuntza desegituratze aro batean amildu zen. Zuzendaritzako pisu handiena, dena ez esateagatik, Joseba Olazabal Txorrotxa-ren eskuetan utzi zen, eta Xubik kirol arloaren zama hartu zuen.

Behin 1997az geroztik, jokalariak zuzendaritzarik gabe aurrera egin beharrean aurkitu ziren; kluba, hastapeneko egoera berean zegoen. Iraurgik historiako unerik larrienak bizi ondoren, urte batzuk klubetik urrundutako zenbait itzuli egin ziren, beren bizitzan hain garrantzitsua izan den kirola euren haurrek gozatzeko parada izateko.
5. Talde lana, lan taldean egiten dene
Batzuk jendaurrean gehiago azaltzen dira, eta badirudi haiek egiten dutela lanik gehien. Batzuetan hala izaten da. Beste batzuk ez dira horrenbeste azaltzen, baina haietako batzuk ezinbestekoak izaten dira. Iraurgin ere gertatu da hori, herrira begira lana egiten duen elkartea izanik. Bakoitzak daki norberak zer egin duen. Iraurgik dakiena da jende askok egin duela lan klubaren alde.

Eta horregatik bete ditu klub honek 25 urte. Aurreko lau ataletan Iraurgiren historia kontatu da, argazki eta guzti. Baina argazki horietan (horrenbeste) azaltzen ez den jendea ere ibili da lanean, gehiago edo gutxiago, hobeto edo okerrago, baina, azken batean, lanean. Eta herrigintzan ari den erakunde batentzat horrek balio du: talde lana, lan taldean egiteak. Bosgarren atal honetan hain agerikoak ez direnak ageri dira, baita une esanguratsu eta berezi batzuk ere.
 
LAN MOBEL COOPERATIVA
Azpeitiko Udala
MARMOLES AZTIRIA
BETIKO Kafea